BIZKAIKO DEAIADAR-MENDIAK

Posted by: ENEKO / Category: , , , ,













GORBEIA










OIZ




SOLLUBE




KOLITZA




GANEKOGORTA

Gorbeia, Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogorta Bizkaiko bost deiadar-mendiak ziren, eta bertatik, Bizkaiko jaurerriko batzarkideei dei egiten zitzaien. Bost mendion gailurretan sute handiak egiten zituzten eta adarra joten zuten eskualde bakoitzeko ordezkariei Batzar Nagusietarako deitzeko.


Deiadar-mendien jatorria ulertzeko zenbait urte eta mende egin behar da atzera, Erdi Arora hain zuzen ere. Garai hartan, Bizkaiko batzarkideak eta ahaldunak Gernikako Batzar-Etxean biltzen ziren, haritz ospetsuaren ondoan eta han egiten zituzten Osoko Batzarrak. Sasoi hartan komunikatzeko tresnak urriak ziren; Euskal Herrian txalaparta eta adarra ziren tresnarik erabilienak.

Garai hartako bizimoduak baldintzaturik sortu ziren deiadar-mendiak. XVI. mendean aginduak bulegoetatik ematen hasi ziren arte, merindade bakoitzeko mendi banatan sua pizten zen eta adarra jotzen zen batzarkideei Gernikarako bidea har zezaten jakinarazteko. Zeregin horretarako, eskualde bakoitzeko mendirik garrantzitsuenak hautatu zituzten: Gorbeia, Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogorta mendiak, alegia.


Eguna argitu orduko pizten zuten sua mendietako gailurretan eta eskualde bakoitzeko bazterrik ezkutuenean ere ikus zitekeen suaren kea. Ekialdetik eguzkiaren lehen printzak agertzen zirenean, berriz, adarra jotzen hasten ziren eta horrela, batzarkide eta ahaldunek bazekiten Batzar Nagusietarako deia zutela, baserriak utzi eta Gernikarako bide luzea egin beharra zeukatela, alegia.

Komunikazio-eredu honek, aitzitik, ogibide bat sorrarazi zuen, adar-jolearena. Deiadar-mendi bakoitzean adar-jole bat zegoen, hau da, merindade bakoitzeko bana. Merioak zeukan arduretako bat adar-jolea nor zen aukeratzea zen.

Beraz, Erdi Aroan Batzar Nagusiak egiten ziren bakoitzean adarraren soinu sakona entzuten zen Bizkaian barrena.

Mendirik mendi

Bost deiadar-mendiek kate natural ederra osotzen dute. Oiz Bizkaia ekialdean dago, eta bostetatik Gernikatik hurbilen dagoena da. 1.026 metroko altuera duen mendi hau Bizkaiko ia bazter guztietatik ikusten da eta beraz, begiratoki ederra da. Antzina bezala, gaur egun ere komunikaziogune garrantzitsua da; adar-hotsak entzuten ziren lekua, egun, telekomunikazio-antenek hartu dute. Bertatik Durangoko merindadeko batzarkideei egiten zitzaien dei Erdi Aroan.

Bestalde, Gorbeia Bizkaiko mendirik garaiena da, 1.481 metro ditu. Ezaguna da tontorrean dagoen gurutze ospetsua. Arabaren eta Bizkaiaren lurretan dagoen mendia izanik, hainbat eta hainbat dira igotzen diren mendizaleak. Erdi Aroan, ordea, merindadeko adar-jolea tontorrera igotzen zen eta sua pizten zen, Arratia bailarako batzarkideei euren zereginetara deitzeko.

Itsasotik ez oso urrun Sollube dago. 680 metro dituen mendi honetatik, gaur egun errepidea igarotzen bada ere, Erdi Aroan ez zen horrelakorik. Garaiera askorik izan ez arren, bertatik Artxanda eta Ganguren mendixkak ikus daitezke, eta baita Ganekogorta deiadar-mendia ere.

Bilbao inguruko mendirik altuenetakoa da Ganekogorta, ia mila metro dauzka. Gorbeia eta Oiz bezain ezaguna izan ez arren, bilbotar askok aukeratzen dute txango laburrak egiteko. Gaur egun Bilbao inguruan adar-hotsak entzutea pentsaezina bada ere, garai hartan Ganekogortatik ere adar-hotsak entzuten ziren, gainerako beste lau deiadar-mendietan bezala.

Azkenik, Kolitza daukagu Enkarterrietako deiadar-mendia. Enkarterrietako batzarkideak, gainerako guztiek ez bezala, Avellanedako Juntetxean biltzen ziren baina Gernikara ordezkari bat bidaltzen zuten.

Deiadar Mendien Eguna

Mendeak igaro dira iada Gorbeia, Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogorta mendietan adar hotsik entzuten ez dela. Haatik, eta sasoi hartako komunikazio modu bitxia ezagutu eta gogoratzeko asmoz, 2004.urtetik aurrera, urtean behin Deiadar Mendien Eguna ospatzen da. 2004an Batzar Nagusiak berreskuratu zirela 25 urte bete ziren eta hori dela eta, bost deiadar-mendietara igoerak antolatu ziren. Milaka mendigoizale igo ziren Gorbeia, Oiz, Sollube, Kolitza eta Ganekogorta mendietara, garai batean hain ezagunak ziren adar hotsei erantzunez.Aurten, berriz, Gorbeiara egin dute igoera eta datozen urteetan gainerako deidar-mendiei egokituko zaie.


0 comentarios:

Publicar un comentario